Formatu ireki

Formatu ireki bat normalean estandar irekien erakunde batek argitaratzen duen datu digitalak gordetzeko zehaztapen bat da, erabiltzeko murrizketa legalik ez duena[1]. Formatu ireki batek software jabedun eta libreetan erabiltzeko aukera eman behar du, bakoitzaren lizentziak erabiliz. Formatu jabedunak, ordea, erakunde pribatuek definitu eta kudeatzen dituzte. Formatu irekiak estandar irekien azpi-talde bat dira.

Formatu irekien helburu nagusia gordetako datuak epe luzera irakurri ahal izateko bermea da, baldintza legalak, teknologiaren eskuragarritasuna, edo beste baldintza batzuen menpe egon beharrik gabe. Beste helburu bat lehiakortasuna sustatzea da, formatu jabedun bat sortzen duenak guztiak hori erabiltzera derrigortu ez ditzan. Hori dela-eta, gobernu eta enpresa pribatu askok formatu irekien erabilera bultzatu nahi dute.

Software libreko programa informatikoek ahalegin berezia egiten dute formatu irekiko fitxategiak irekitzeko, lantzeko eta gordetzeko. Zenbait software jabedunek, ordea, bere formatu propioak garatu eta sustatu egiten dituzte eta, askotan, ez dira formatu irekiko fitxategiak zabaltzeko eta irakurtzeko gai izaten.

  1. (Ingelesez) «What is a free file format? -- definition by The Linux Information Project (LINFO)» www.linfo.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-17).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search